Gipuzkoa eta Arabako Finken Administratzaileen Lurralde Elkargoan (CAFGUIAL) prestakuntza-jardunaldi berri bat egin genuen otsailaren 20an, ostiralarekin, Elkargoak Donostian duen egoitzan. Gure kudeaketa profesionala hobetzeko tresna digital berriak ezagutzeko interesa duten elkargokide askok hartu zuten parte bertan.
Saioari hasiera emanez, CAFPortal izenekoa eman zen ezagutzera, Espainiako Finken Administratzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak bultzatutako zerbitzu komunen plataforma berria. CAFPortaleko Manager Pablo Rondón Grijalbak aurkeztu zuen tresna berri hau, ingurune seguru eta erraz batean gure eguneroko jardunean funtsezkoak diren hainbat zerbitzu biltzen dituena. Bere hitzaldian azaldu zituen plataformaren funtzionaltasunak eta bulego profesionaletan prozesuak optimizatzeko eta eraginkortasuna indartzeko eskaintzen dituen abantailak.
Ondoren, PLAUD izeneko tresna erabiltzen ikasteko tailerra egin genuen, Finka Administratzaileen ohiko lanean aplikatuta. Demadi Marketing y Digitalización enpresako Iago González Fernándezek era erraz eta praktikoan erakutsi zigun adimen artifizialeko tresnak oso lagungarriak izan daitezkeela finken administratzaileentzat bileren transkripzioak egiterakoan, aktak jasotzeko orduan edo eguneroko lanaren antolaketan.
Tailerra hiru multzo ezberdinetan egituratu zen: finken administrazioan IAren erabilera praktikoa, PLAUDen urratsez urratseko erabilera eta aplikazio zehatzei eta jardunbide egokiei buruzko azken atala. Amaitzeko, galderak egiteko eta zalantzak argitzeko gune bat sortu zen.
Halako ekimenen bidez, CAFGUIALek indartzen du sektorearen etengabeko prestakuntzarekin eta lana digitalizatzearekin hitzemanda daukan konpromisoa,elkargokideei tresna berritzaileak eskuratzen lagunduz, komunitateei eta jabeei ematen dieten zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzen jarraitzeko.


