Gobernuak baimena ematen du etxejabeen batzarrak egiteko, soilik premiazkoa denean

Hala adierazten du 8/2021 Errege Lege Dekretuak, osasun, gizarte eta jurisdikzio arloetan premiazko neurriak hartzen dituena, alarma-egoeraren indarraldia amaitu ondoren aplikatu beharrekoa. Auzotarren bilerak presazko arrazoiengatik soilik egin ahal izango dira, baldin eta ezin badira denboran atzeratu. 2021eko abenduaren 31ra arte etenda geratzen da jabeen batzarrak deitu eta egiteko betebeharra.
Gobernu Zentralak onartu berri duen eta maiatzaren 9tik aurrera indarrean jarriko den 8/2021 Errege Lege Dekretuak osasun, gizarte eta jurisdikzio arloko premiazko neurrietan hartutako erabakiak jasotzen ditu, alarma-egoeraren indarraldia amaitu ondoren aplikatu beharrekoak. Akordio horien barruan berritasunak agertzen dira bilerei edo jabeen batzarrei dagokienez, eta, hasiera batean, bertan behera geratzen da bilera horiek egiteko eta deitzeko derrigortasuna, aurtengo abenduaren 31ra arte. Ondorioz, aldi horretan, bertan behera geratuko da aurreikus daitezkeen diru-sarreren eta gastuen plana, dagozkion kontuak eta urteko aurrekontua onartzeko betebeharra. Beraz, dagokion batzarra egin arte, azken aurrekontua eta gobernu-organoak luzatutzat joko dira.
Salbuespenak premiazko kasuetan
BOEn argitaratutako dokumentuak zenbait salbuespen jasotzen ditu, ezohiko batzar presentzialak edo telematikoak egiteko aukera ematen dutenak, baldintza jakin batzuk ezarrita. Jabeen batza bildu ahal izango da lehendakariak edo jabeen laurdenak hala eskatuta, edo gutxienez partaidetza-kuoten % 25 ordezkatzen duten jabeen kopuru batek eskatuta, baldin eta beharrezkoa bada 2021eko abenduaren 31ra arte atzeratu ezin den erabakia hartzea. Atzeratu ezin diren akordioen artean sartuko dira, nolanahi ere, jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 10.1.b) artikuluan aipatutako obra, jarduketa eta instalazioei dagozkienak, batzarraren adostasuna behar badute. Hori bai, egin behar diren jabeen bilerak aurrez aurre egin ahal izango dira, une bakoitzean ezarritako segurtasun-neurriak bermatzen direnean.
Online bilerak
Errege Dekretu berriak bilerak telematikoki edo online egiteko aukera ere ematen du, betiere aurrez aurrekoen baldintza berberetan eta ñabardura batzuk gehituta. Bideokonferentzia bidez edo telefono-konferentzia anizkoitz bidez egin ahal izango dira, baldin eta jabe guztiek beharrezko baliabideak badituzte; administratzaileak hori egiaztatuko du batzarra baino lehen. Idazkariak batzarrera joan diren jabeen nortasuna aitortu beharko du, eta aktan hala adierazi beharko da. Bileran lortutako akordioa idazkari administratzailea dagoen egoitzan hartu dela ulertuko da.
Botoa ematea
Onartu berri den dokumentuak jasotzen du, halaber, jabeen batzarra egin behar den kasuetan, posible izango dela erabakia hartzea batzar hori egin gabe eta botoa postaz edo komunikazio telematikoz emanez, baldin eta jabe guztiek parte hartzeko behar diren bermeak, bidaltzailearen identitatea eta komunikazioa jasotzeko bermeak bete badaitezke. Horretarako, erkidegoko presidenteak botoa eskatuko die jabe guztiei idazki baten bidez. Idazki horretan honako hauek jasoko dira: data, bozketaren xedea argi eta garbi, botoa bidaltzeko helbidea eta botoa emateko epea, 10 egun naturalekoa. Bozketa horretan hartutako erabakia idazkaria dagoen egoitzan hartu dela ulertuko da, botoa emateko ezarritako epearen azken egunean.
Gipuzkoako eta Arabako Administratzaileen Elkargoak aspalditik eskatzen ditu neurri zehatzagoak jabeen batzarrei dagokienez, eta erabaki horiek aurrerapausotzat jotzen ditu pandemiaren ondorioz sortu den “inbutua” askatu ahal izateko.
Prentsa arduraduna
prensa@comunicamelo.es
609491422 (Martín).

Partekatzen du

Berri Berriak

Albisteak